Tulipak eta espekulazioa
mikel; 2011, Otsailak 8 | Iruzkinak ezgaituta
Tulipak, Herbehereekin lotzen diren lore horiek, jatorriz Asia txikikoak dira, turkiarrek landatu eta beraien patioetan jarri zituztenak. Tulipa izena bera, persierazko dulban (durbante) izenetik eratorria omen da. Europan, antza denez, Turkian zegoen Alemaniako de Busbecq enbaxadoreak sartu zituen.
Europarrak liluraturik geratu ziren lore berri honen aurrean, hain baitzen desberdina gainerakoekin alderatuz gero. Herbehereetan, Leideneko Hortus Botanicusean landatu ziren lehen erraboilak 1593ko amaiera aldean. Bertan, Carolus Clusius-ek, ikusi zuen, hainbat gurutzaketaren ostean, petaloetan gar itxurako koloreak eratzen zirela. Bertako merkatari aberatsek, lorearen arroztasuna eta ikusgarritasuna ikusiz, euren saloi eta geletan lorok jartzen hasi ziren, euren estatusaren erakusgarri gisa.
Eskari gero eta handiagoari erantzuteko, tulipa landatzaile gehiago agertu ziren eta laster joan zen handitzen estatus sinbolo berri hau lortzeko grina. Tuliparen haziak loratu arte, urteetako denbora behar da (7-12 artean); denbora honetan, erraboil bat eratzen da, zeina desagertu egiten den loratzean, beste erraboil biki bat utziz bere lekuan. Eskaria, beraz, askoz arinago joan zen handitzen eskaintza baino, eromen espekulatiboari ateak irekiz.
1636 eta 1637an, erraboilen truke diru kantitate handiak ordaintzen hasi ziren, hauek askotan aldatzen zirelarik jabez loratu baino lehen. Semper Augustus (irudian) erraboil bakar bategatik, langile baten hamar urteko soldata heinako kopuruak ordaintzen ziren, baita Amsterdam erdiko etxe batek garai hartan zituen prezioa ere. Gar itxurako petalo berezidun tulipez gain, tulipa normalen prezioa ere igotzen joan zen, nahiz eta maila berera ez heldu. Erraboilak, laster prezio altuago batean saltzeko erosten ziren, prezio-desberdintasunarekin etekina handitzeko asmoarekin.
Guzti honek eztanda egin zuen 1637ko otsailean, Haarlem-eko merkatari batzuk euren tulipak esperotako prezioan saltzeko gai izan ez zirenean. Hainbat eta hainbat espekulatzailek dena galdu zuten, baita erraboiletan inbertitu zuten hainbat jende xehek ere. Saldu gabeko erraboilak, edota erreserbaturik izan bai baina eskura eman ez ziren erraboilak (izatez, asko eta asko ez ziren eskuz aldatzen, beraien gaineko eskubideak baizik, honi windhandel edo haize-merkataritza deitu zioten) zituzten espekulatzaileek, erreserbaturiko erraboil hauen balioa erosleengandik eskuratzeko epaitegi eta agintariengana jo zuten. Epaileek ordea, sukar hau jokoa -eta ez salmenta normala- zela argudiatuz, eskaerari uko egin zioten. Espekulazioa errotik moztu zen, maiatzean, tulipen prezioa berriz egonkortuz (otsail eta maiatza arteko salmenta prezioen datuak ez dira ezagunak, prezioak izandako beherakadaren abiadura ezin delarik ondorioztatu).
Tulipen prezioaren eboluzioa 1636-37ko neguan zehar. CC-BY-SA JayHenry
Ironikoki, tulipen petaloek gar itxura izatearen arrazoia gaixotasun bat da, hainbat gurutzaketen ondorioz tulipa ahulagoek harturikoa. Gaur egun, ez dira horren ezagunak eta Rembrandt tulipa deritze, XVII mendeko hainbat artelanetan agertzen direlako.
Norbaitek atera ditzala bere kontu eta gaur eguneko paralelismo posible guztiak. Kasualitatea edo ez, historiak badu errepikatzeko gaitasun ikaragarria.















