Cryptocat euskaraz
Cryptocat kode-irekiko web aplikazioa da, hainbat pertsonen arteko elkarrizketa pribatu eta seguruak izatea ahalbidetzen duena.
Elkarrizketetako edukia era nahiko fidagarrian zifratzen du erabiltzailearen nabigatzailean bertan (detaile tekniko gehiago, wikipedian) Javascript erabiliz eta beraz, nahikoa da nabigatzaile batekin crypto.cat helbidera sartu, elkarrizketa berria sortu, eta elkarrizketaren helbidea partekatuz batera has gaitezke lagunekin hitz egiten. Noizbait erabili izan dut pasahitzak era erraz batean konpartitzeko (GPG eskuragarri ez dagoenean), edo hainbat pertsonekin batera hizketan aritzeko. Elkarrizketaren edukiaren pribatutasunaz gain anonimotasuna garrantzitsua bada, Tor-ekin batera erabili daiteke zerbitzua eta gainera, mugikorretik arazo gabe erabili daitekeen aplikazioa da. Gutxi ez balitz, cron ataza bat erabiliz, ordubetean jardunik izan ez duten elkarrizketak ezabatzen dira.
Kode irekikoa da, baina ezin zaio software libre deitu, darabilen lizentziak, CC-BY-NC-SA, ez duelako erabilera komertziala baimentzen eta beraz, onarturiko definizioa ez duelako betetzen. Dena den, aldaketak baimentzen ditu eta, aukeraz baliatuz, garatzaileari idatzi eta dituen kate apurrak itzuli ditut. Ia beti bezala, bi arrazoi izan ditut itzultzeko: erabiltzen dudan tresna euskaraz erabili ahal izatea eta euskal internauten artean nire ustez interesgarria den tresna honen erabilera bultzatzea. Posiblea da beraz softwarea euskaraz erabiltzea hemendik aurrera, bai crypto.cat helbidean, baita kodea hartu eta guk nahi dugun lekuan jarrita ere. Eskuragarri dagoen baliabide interesgarria beraz, gehigarririk instalatu gabe komunikazioen pribatutasuna nahiko ondo bermatzeko.
Etiketak: cryptocat • elkarrizketak • euskaraz • pribatutasuna








