Sareko euskal entziklopedia berri baten beharraz

Entziklopedia berri bat sortuko omen du Eusko Jaurlaritzak. Garai berriotan beste era batera izan ezin daitekeen modura, sarean argitaratuko ei da. Prezioa: 200.000 euro.

Behingoagatik, ados nago Jaurlaritzaren argudioekin, sarean egongo den euskarazko entziklopedia ganorazko bat proiektu estrategikotzat daukadalako nik ere, hizkuntzaren normalizazio eta prestigioa lortzeko prozesuan. Euskaldunontzat tresna paregabea, dudarik gabe.

Eta zorionez, gauden XXI mende honetan, ez gara utopia batez ari; egunero-egunero hobetzen doan errealitate bati buruz baizik. Badaude euskarazko entziklopediak sarean. Zertarako behar da beste bat?

Birritan pentsatzen dute gainerako hizkuntzetan entziklopedia bat argitaratu baino lehen, gauzak aldatu direnaren seinale. Ikusten al dugu entziklopedia iragarkirik? Kontsultatzen ditugu etxeko entziklopediak? Egia da honako hau, ez dela paperezkoa izango, baina nago entziklopedia digital izan baino, sarean egongo den entziklopedia konbentzionala izango dela. Bi gauza oso desberdin.

Entziklopedia bat sarean, papereko mentalitate berarekin argitaratzea, gurpila berriz asmatzea bezalakoa da. Entziklopedia hori argitaratzen den momentutik egongo da desfasatuta eta seriotasuna mantentzearen aitzakiarekin, internautek ez dute aurkituko baliagarria izan ahal zaien informazioa (Britannica-n artikulu hau egongo ez litzatekeen moduan). Hasieran baliteke arrakasta izatea, baina denborak Wikipedia moduko proiektuak gero eta gehiago indartuko ditu, etengabe joango baitira handitzen. Harluxet eta Wikipedia dira bi mundu horien konparaziorik onena. Harluxet gauza askotarako baliagarria den arren, egunetik egunera zahartzen ari den entziklopedia da, Wikipedia eguneraturik mantentzen den bitartean (eta ez baldin badago eguneratuta, irakurleak egunera dezake, Harluxeten ez bezala).

Wikipediarena, -sareko entziklopedia batena, alegia- funtzionatzen duen eredua da, etengabe eguneratzen, hobetzen, osatzen… doana. Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik gabe eraikitako entziklopedia neutrala. Dozenaka editorek auzolanaren bitartez eta kontsentsuaren bitartez eraikia. Bere eduki guztiak erabiltzeko askatasuna eman eta bermatzen duen bakarra. Ezaugarri guzti horiek (bakarka, zer esanik ere ez multzoan) betetzen dituen entziklopedia bakarra da. Eduki aldetik ez duenak zertan inolako inbidiarik izan besteei. Montorik, esaterako, ez zukeen Wikipedian duen heineko lekurik beste inon izango.

Ez nabil aniztasunaren aurka joaten, denonak diren baliabideen erabilpen -nire ustez oker- baten kontra baizik. Eta Jaurlaritzak benetan euskara bultzatzeko asmoa badauka, ez luke paperezko entziklopedia bat sarean jarriko, zahar eta txiki geratuko bailitzateke Wikipediaren alboan, zokoratuta denbora laburrean. Euskarazko sareko entziklopedia indartsu bat izateko, 200.000 euro horiek, entziklopedia berri batean gastatu baino, euskarazko Wikipedia (eta beste guztiak) posible egiten dituen Wikimedia Fundazioari ematea gomendatzen diot Eusko Jaurlaritzari.

Etiketak:

Bidalketa berriak

8 iruzkin

  1. jazpillaga(e)k dio:

    Beno, niri ez zait hain ideia txarra iruditzen, proiektua ganoraz eramaten bada aurrera. Alegia, ondo eginez gero.

    Adibidez:

    - Lehendik ordainduta duen edukia berrerabiliz (alegia, lehendik lagundu dituen entziklopedietako edukia berrerabiliz)

    -Sarean modu txukunean publikatuz

    - Sarean aprobetxatzeko modua eskainiz bestelako programei. Adibidez, ganorazko API bat emanda

    - Eta, batez ere, lizentzia libre bat ipiniz.

    Hori bai litzakeela wikipedia laguntzeko modua!

    Hori egingo duen? Auskalo…

  2. mikel(e)k dio:

    Eskerrik asko erantzunagatik Josu. Egia esan, gauza asko airean daude, ez baitakigu nolakoa izango den entziklopedia berria.

    Aipatzen duzun lehen puntua, dena dela, ez dut uste egingarria denik, egindako lanen jabego intelektuala EJren izenean ez delako egoten (eta egotekotan, ez da jabe bakarra eta beraz besteen akordioa behar du berrerabilpena egiteko).

    Baina demagun momentu batez zuk komentatzen duzuna bete egiten dela. Hots, badugula ganorazko entziklopedia libre euskaldun berria.

    Wikipediara joango litzateke edukia (lizentziak hala baimenduko bailuke), berau indartuz eta horrekin batera heriotzera kondenatuz entziklopedia berria (eduki bera eta gehiago egongo litzatekeelako Wikipedian).

    Edo bestela, Wikipediako edukiaz baliatu ahalko zitekeen EJ entziklopedia osatuago bat montatzeko. Wikipediako lizentziagatik, berriz ere joango ahalko litzateke eduki hobetua Wikipediara, beraz berdinean gaude.

    Ez al litzateke hobea izango zuzenean Wikipedia bultzatzea? Ondo eginda ere, azpiegitura tekniko berriak beharrezkoak dira?

  3. Koro(e)k dio:

    Erabat ados nago artikuluarekin.

    Euskal Entziklopedia baten beharra dugu, bai, baina zerbait DINAMIKOA eta aldatu eta hobetu daitekeena behar du. Ez Zumaiako Flyscharen antzera gordeta eta babestuta geratuko den zerbait… bestela, betikoan gaude: GERATUKO den zerbait izango da.

    Wikipediaren alde ona geratzen ez den zerbait dela da, baina, aldi berean, horixe da bere arrisku handiena ere. Ez dakit zer den 200.000 euro, baina alferrik xahutzea oso erraza izan daiteke… Euskaldunok daukaguna babestu eta INDARTZEKO ahalegina egin beharko genuke: euskal Wikipedia, flyscha, taloa, euskara, Idiazabalko gazta, bertsolaritza… Hamaika gauza bai, euskalduna naiz eta harro nago esateko!

  4. jazpillaga(e)k dio:

    Wikipedista euskaldun batekin izan nuen behin eztabaidatxo bat. Nik nioen ona litzatekeela diru-laguntzak eskatu eta diru hori wikipedia euskarazkoa txukuntzeko erabiltzea. Berak zioen ezetz, horrek wikipediaren izaera ‘bortxatuko’ lukeelako, nolabait. Kafe orduko eztabaidatxo bat, baina gogoan geratu zitzaidana.

    Iniziatiba EJk berak hartzekotan, ezin du wikipedia euskarazkoa indartzeko erabili, ez baldin bazaio hori eskatzen wikipedia beraren aldetik. Berak egin dezakeena da edukia sortu edo sortuta dagoena publikatu, ganoraz, eta lizentzia on batekin.

    Hori eginez gero, txapo!

    Eta aurrekoa berrerabiltzeko besteen eskubideak daudela… noski, baina hori ere negoziatu ahalko da, fijo. Nahi izatera, 31 eskutik du hor ere EJk, hurrengo bertsioak ateratzeko berriro jo beharko dute euren atea-eta.

  5. mikel(e)k dio:

    @Koro Eskerrik asko zure erantzunagatik. Ados nago esaten duzunarekin

    @jazpillaga Nire ustez, diru-laguntzak ez lirateke bideratu behar Wikipediara zuzenean, baizik eta Wikipedia indartzen duten zeharkako ekimenetara (ikastaroak edo dohaintzak esate baterako). Era honetan (beti ere nire iritziz) neutraltasuna mantenduko litzateke, edukiak jartzeagatik EJtik dirua jasotzen duen wikilari batek birritan pentsatuko lukeelako wikipedian EJk gustuko ez dituen datuak jartzea.

    Bestela ados nago zurekin, egin beharrekoa, ganoraz egin behar du EJk. Ikusiko da ea zer ateratzen den hortik.

  6. [...] oinarrietatik haratago goazenean Interneti esker, EEB Euskal Entziklopedia Berria egitea otu zaie. Kritikak argiak dira, batez ere Wikipedia euskalduna dugunetik, horrelako ekimenek dirua gastatu eta beste #azkuefacts baten susmoa zabaltzen dute. Euskarazko [...]

  7. joseba(e)k dio:

    Nire alabek zerbaiti buruzko informazioa behar dutenean zuzenean wikipediara jotzen dute. Etxean euskarazko entziklopediak badauzkagu, atlasak ere bai, nahi adina liburu, baina zuzenean bilatzaileetara eta wikipediara jotzen dute.

    Edukiz bete ditzagun tresna horiek, garrantzitsua baita gure seme alabek erabiltzen dituztenak ahalik eta onenak izan daitezen. Eta ez gaitezen hasi lana errepikatzen eta bikoizten.

    Gure politikariek beraien lagunek egindakoa besterik ez dute nahi (edo lagunei dirua helarazi diete), errezeloz begiratzen diote besteek egindako lanari, eta askotan nahiago dute ezer ez eduki beraiek egindakoa ez bada (edo nahiago dute etsaiei dirudik ez helarazi nahiz eta ondorioz guztion onurakoa izan daitekeenik gabe geratu).

    Merezi ditugun politikariak dauzkagu…

Laga iruzkina

Iruzkinak itxita daude.