Wikipedia eskoletan: Esperientzia katalana

Esan bezala, Wikimania 2010ean izan nintzen, Gdansken. Asko dago idazteko, komentatzeko eta argitzeko, baina gurako nuke hasi niretzat hitzaldi interesgarrienetarikoa izan den batekin: Wikipedia at schools. The Catalan Experience.

Wikipedia eskoletan

Wikipediaren erabilera eskoletan irakastearen onurak bistakoak dira: alde batetik, ikasleek gaur egungo tresna gero eta garrantzitsuago baten erabilera aztertuko lukete, euren ikasketa prozesuan etekin handiagoa atera ahalko lioketena. Bide batez, ikasleak motibaturik egonez gero, Wikipediak wikilariak lortzeko aukera izango luke, bertan edukiak sortuko lituzketenak etorkizunean.

Ezin da ahaztu wikipediak eragin oso handia duela gaur egun eskoletan eta komenigarria litzateke irakasle eta ikasleek kontuan hartzea zer den wikipedia eta nola funtzionatzen duen.

Zailagoa da ordea, onura eta helburu horietara heltzeko bitarteko egokiak aurkitzea. Ez dago metodo magikorik wikilariak lortu eta ikasle guztiek wikipediak nola funtzionatzen duen ikasteko. Katalanen esperientziatik ikasteak ordea, ibilaldia hasiera-hasieratik ez hastea dakar.

Aurkezturiko proiektua, labur

Viquibalear izeneko proiektua, Balear Uharteetako hamahiru eskoletan eginiko proiektu-pilotua izan da (13 irakaslek eta 160 ikaslek hartu dute parte),  eskoletako ikasleek katalanezko wikipedia artikuluz hornitzea helburu izan duelarik, txapelketa baten bitartez. Gobernu autonomikoaren (diru)laguntzarekin gauzaturiko proiektua izan da.

Bertan, lehenik eta behin, wikilari batzuk Moodle ikastaro baten bitartez hezi zituzten eskola-irakasleak Wiki eta Wikipedia munduan trebatzeko. Ostean, irakasleek ikasleei pasa zizkieten ikasitako oinarriak eta behin oinarri teknikoak irakatsita, hasi zen artikulu-txapelketa eskola desberdinen artean. Wikilari eta irakaslez osaturiko epaimahaiak erabaki zuen sariak nola eta nori banatu.

Emaitzak: 602 artikulu sortu ziren txapelketan, horietatik 472 katalanezko wikipediara pasa zirelarik. Editore aktiborik ez da lortu, bai ordea noizean behinekoak, pixkanaka aktibatzen ari direnak.

Gakoak

  • Wikilariz osaturiko elkarte legala izatea. Gobernuarekin hitz egin edota proiektu bat abiarazteko orduan, identifikazio fiskalerako zenbakia izateak ez ditu gauzak errazten, ezinbestekoa da hasteko. Gainera, gisa honetako kontuetarako, jendeak nora jo dezakeen errazten du, maila pertsonaletik harago joan daitekeen sare zabalagoa sortuz.
  • Eskola-irakasleei kreditua ematea. Formazioa jasotako irakasleei ikastaroa egin eta proiektuan parte hartu dutenaren agiria emateak asko lagundu du hauen partehartzea sustatzeko.
  • Artikuluak ebaluazio barruan sartzea. Ezinbestekoa da irakasleek era batera edo bestera ebaluaziorako artikuluak kontuan izatea ikasleek euren lanak eragin zuzenagoa ere izango duela ikus dezaten.
  • Wikipedia plataforma modura EZ erabiltzea. Aparteko domeinu eta zerbitzariak, ingurune kontrolatuago bat sortzen du, wikilariei artikulu txarrak sor dezakeen lana aurreztuz eta ikasleei euren artikuluak beste inork aldatzen ez dituenaren berme handiago bat emanez, komunikaziorako erraztasunak (oharak etab.) ahaztu gabe. Bukatuta dagoenean idatziko da artikulua wikipedian.
  • Oihartzuna. Jende berria erakartzeko, egiten ari den lanaren garrantziaz jabetzeko, behar-beharrezkoa da komunikazio lan ona egitea. Gehiago izatea ahalbidetuko du epe ertainean.

Hitzaldiko diapositibak

Eta gurean, zergatik ez?

Egin dira saiakerak, baina nik uste dut -berriz ere ezer magikorik ez dela existitzen gogoratuz- beharrezkoa dugula eginiko akatsetatik ikasi eta proiektu arrakastatsuetatik abiatuz eraikitzea. Saia gaitezen.

Etiketak:

Bidalketa berriak

Iruzkin bat

  1. baltuna(e)k dio:

    Proiektu interesgarria iruditzen zait Balearretakoa. Zuk aipatu bezala hemen egin dira saiakera batzuk eta berriro ere zerbait egiteko gogoa izan nuen orai hilabete batzuk, baina zaila da dena ebhar bezala kudeatu eta aurrera eramatea.

    Horretan ibiliko den lantalde bat sortuzgero agian badago aukera zerbait egiteko, baina jendea animatu behar.

Laga iruzkina

Itxi
Bidali postaz