Paralajea eta filopodea

Aurrekoan aritu nintzen Hugini buruz. Haatik, batzutan aplikazio honek ere arazoak izaten ditu era egokian argazkiak lotzeko, batez ere,  argazkiak ateratzeko gomendioak ez badira ondo jarraitzen. Batzutan, Huginek berak ere ezin ditu konpondu, emaitza nahiko itsusi geratzen delarik:

Aurre-aurreko arbolan fijatu al zara? (CC-BY-SA Kim Hansen)

Zuhaitzeko mozketa horri, paralaje errore deritzo.

Soluzioetariko bat (nahiko ona), kontrol puntu gehiago gehitzea izan daiteke, baina baliteke baliagarria ez izatea, argazkiak hartzerako orduan fotomakina asko mugitu baldin bada.

Gauzak honela, errore horiek era sinple baina nahiko eraginkor batean nola ekidin edota zuzendu daitezkeen begira ibili naiz.

Argazkia ateratzeko orduan, tripodea erabil genezake, noski, baina dirutxo bat kostatzeaz gain, denbora asko eraman dezake berau muntatu eta nibelatzea, argazkia ateratzeko momentu berezia galdu dezakegularik eta atentzioa eman, agian nahi baino gehiago. Hugin nahiko iaioa da errore txikiak konpontzen, eta ez du horrenbesterako perfekziorik. Gainera, motxila aldean bidaiatzen dugunontzat, bolumen eta pisu gehigarri onartezina suposatu dezake tamaina estandarreko tripode batek.

Horretarako, tripode txiki horiek alde batera utzita, erabilgarria izan daitekeen etxeko soluzioa aurkitu dut: Filopode izeneko gailuaren bertsio sinplifikatua.

Funtsean bertsio hau, hari bat da, mutur batean pisua ematen dion zerbait duelarik. Hari hau, objektiboan eskegi eta tenkatu egingo da (pendulu baten antzera). Behin horrela dagoelarik, erreferentzia moduan erabiliko dugu, argazki bakoitzerako haria ahalik eta gutxien mugitzea helburu dugularik, fotomakina hariaren inguruko ardatzean biratuz panorama osatzeko argazkiak egiteko (lau baldosek definituriko puntu komuna e. a. erabiliz erreferentzia modura). Honela, fotomakina ardatz beraren inguruan biratuko da, paralaje erroreak egiteko aukerak minimizatuz.

(C) Agno's equipment

Filopodea, fotomakina bertikalki jarrita dagoenean

Altuera ere begiratu dezakegu, begirada azkar bat botata gure pisua emateko gailuak lurrarekiko duen altuerari begirada bat botaz. Fotomakinaren orientazioa egokia dela ikusteko, onena bisore barruan erreferentzia puntu bat izatea da (puristek burbuilazko nibel bat erabil dezakete).

Asko dira, filopodeak erabilita ateratako argazki ederrak. Salgai ere badaude, baina duen sinpletasun eta xarmagatik nik uste merezi duela norberak egitea, bat erabili nahi izatekotan.

Etiketak:

Bidalketa berriak

Laga iruzkina

Itxi
Bidali postaz