Wikizaleon txokoa

Pasa den asteartean, hilak 23, agertu zen Gaztelumendi blogean Agirre Lehendakariari buruzko zutabetxo osatu eta interesgarria. Lagun batekin irakurri ostean, komentatu zidan ez zituela bertan zerrendaturiko ideia gehienak ezagutzen, hala nola, Athletic-eko jokalari eta Getxoko alkate izandakoa zela. Nik neuk ere, ikasi nuen zerbait, ez bainekien familia txokolategilea zuenik.

Konturatu nintzen, ez nintzatekeela gai izango ziurrenik Gaztelumendik eginiko moduko zerrenda bat egiteko, baizik eta ziurrenik dozena erdi kualitaterekin jada nahiko hutsik geratuko nintzela. Gainera, sakondu ezinekoa. Beharrezkoa beraz, konponbideren bat topatzea,

Eta orduan deskubritu nuen Dan Lewisen blogeko artikulua, nire egoera berdintsu baten aurrean ekimen interesgarria proposatzen duena. Agirreri buruz asko jakiteko, badut bibliografia, baina ideia orokorrago bat hartzeko larregizkoa izan daiteke. Beraz, interneten bilatu eta nahikoa dut wikipediara jotzea informazio gehiago lortzeko.

Gaur egun, hiru nabigazio klase desberdinduko nituzke wikipedian:

  1. Datu jakin baten bila (herri baten biztanleria, konstante fisiko baten balioa e.a.) datorrena, datua lortu eta alde egiten duen internautarena.
  2. Artikulu edo gai zehatz bati buruz gehiago jakin nahi (herri bat, jakintza-esparru bat e. a.) eta artikulu bat edo batzuk irakurtzen dituenarena, diagonalean zein arreta jarriz, ordenagailu aurrean dagoenak duen interes, behar eta ulermen mailaren arabera.
  3. 2. puntukoen modura nabigatzen hasi eta haria galtzen dutenak, azkenean prokrastinaziorako tresna paregabea bihurtuz. Honen azalpen grafiko bikaina agertu zen xkcd blogkomikian. Guztioi gertatu zaigu noizbait.

Baina, Dan Lewis-en proposamena, 2. nabigazio eredu horri beste dimentsio bat ezartzen dio, artikulu bera irakurri dutenen arteko iritziak eta eztabaida. Euskaraz, HausnaUrtu izan daitekeen modura da hau, hausnarketa eta eztabaidarako gunea izanik filma desberdinetako edukiak erabiliz, baina, flimak beharrean, wikipediako artikuluak erabilita gai bati buruzko iritzia lantzeko oinarri modura. Honi, Lewis-ek The Wikipedia Reading Club izena esleitu dio eta nik, Wikizaleon txokoa modura itzuli dut.

Baina zer da zehazki txoko hau? Ze ezaugarri ditu?

Sareak eskaintzen dizkigun plataforma desberdinak erabili daitezke: blogak, sare sozialak, foroak… Baina, praktikotasunaren izenean, hasitako gai bakoitza leku berean egotea komeni da, ez egoteko iritzien dispertsio larregirik.

Pertsona batek, gai batean herren dabilela pentsaturik, wikipediako artikulu bat gai modura hartu eta bere iritziak, ikuspuntuak argitaratuko lituzke.

Ostean, tresna horretako erantzuteko ahalmena erabiliz (blogetako komentarioak, egoerei erantzuteko ahalmena Facebooken…) interesa duten pertsonek, artikulu bera irakurri eta euren iritziak ere konpartitzeaz gain, aurrekoek eskainitako iritzi, inpresioei erantzuteko aukera izango lukete.

Era honetan, wikipediako artikulu batekin, ikuspuntu desberdinetaz jabetzeaz gain, baliteke wikipediako artikulu batean agertzen ez diren gauza interesgarriak agertu (iritzi subjetiboak, estekak desberdinak…) eta euretatik ikastea.

Norbait animatzen da? Egin dugu noizbait hori, gura barik, wikizaleon txoko bat sortzeko asmorik gabe. Eztabaidak beti dira bakarrizketak baino interesgarriagoak. Eta orain, ezagutza partekatzeko sare sozial euskalduna abian dela, agian ez da leku txarra halako zerbait planteatzeko. Lewis berak egin du esperimentua bere blogean.

Etiketak:

Bidalketa berriak

Laga iruzkina

Itxi
Bidali postaz