Bakeak hondamendia dakarrenean
Krisiaren biktima izan da Sderot hiri israeldarra. 20.000 biztanle eskasekin, zirkunstantziek egin dute famatu: Gazako mugatik hurbil kokaturik, maiz ikusi ditugu komunikabideetan bertako biztanleak Qassam suzirien mehatxupean korrika eta, biztanle horien segurtasuna arrazoi modura emanez justifikatu dira Gazan egindako makina bat sarraski.
Krisia aipatu dut biktima eragile modura, baina ez naiz finantza krisi globalaz ari, baizik eta famatu egin duten Qassam suziri horien gabeziak sorturiko krisiaz. Haaretz egunkari israeldarrean irakurri ahal izan dugu albistea. Urteetan zehar atakeen ondoren jasotako diru laguntzak desagertu egin dira azkenaldian, kohete jarioa isilduaz batera. Laburrean, Qassam koheteek, lehergai kilo batzuez gain, aberastasuna ere eraman zuten Sderotera. Egonkorra zirudien diru-iturria bukatutakoan (azken batean, gatazkak denbora asko dirau, zergatik ez lukete suziriek era berean iraungo?), ordea, miserian utzi ditu bortxakeria ezak Sderoteko biztanleak. Hiriko diruzainaren hitzetan, “mirari batek bakarrik” salba dezake diru-kutxa publikoen egoera tamalgarria. Irakurlearen esku uzten dut mirari hori zer izan daitekeenaren interpretazioa.
Bereziki, Zisjordaniako kokagune ilegaletara estrapolatu daitekeen egoera da hau. Gatazka eta zuzenago, Israeleko gobernuak bere interesei jarraiki emandako diru gabe iraun ahal izango lukete? Zenbat israeldarrek egin behar dute lan, kolono bat mantentzeko?
Urrunago joanda, agian zilegi da Israelgo estatu osoari ere egoera zabaltzea. Teknologiaren aldeko apostua egin dute, lanesku merkea lortzen dute lurralde okupatuetan… eta azkenaldian turismoa bultzatzen hasi dira, batez ere okupatuta duten Jerusalem ekialdea promozionatuz. Baina, posible litzateke Israel den gerra makinari eustea, gerra gabe, AEBtik jasotzen dituen milioika dolar horiek gabe?
Sderotek erakutsi du: bere kasuan behintzat, bakea ez da errentagarria. Denborarekin, eredu ala salbuespen izango ote da, Israel deritzon lurrez inguraturiko irla bakarti horretan?
Etiketak: ekonomia • israel • krisia • palestina • sderot





