Internet librea bai, baina zintzoentzat bakarrik

Iragan den ostegunean, hilak 22, munduko gobernu boteretsuena denaren estatu idazkaria, Hillary Clinton, sareko eskubideei buruz aritu zen. Bertan, hitzez-hitz zera esan zuen: Gizadi osoak idea eta jakintza desberdinetara sarbide berdina izango duen internet bakar baten alde gaude. Behingoagatik, esan nezakeen ados negoela Hillary Clintonek esandako zerbaitekin!

Ai! Baina nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Egun bat beranduago, ostiralean, Arab Crunch blogean jakinarazi zen interneteko software libre gordailu handiena den Sourceforge.net webguneak blokeatu egiten zizkiela edukiak Kuba, Siria, Ipar Korea, Sudan eta Iraneko internautei. Hau da, gordailu horretan dagoen software libre guztia ez zegoela eskuragarri gaizkiaren ardatza osatzen zutenentzat, zerbitzariak kokaturik dauden herrialdeko gobernuak (Obama bakezalearena hain zuzen ere) hala agindu duelako.

Noski, neurri hau, software librearen printzipioen aurka doa, zeinak erabilerari mugarik ez dion jartzen, edonori edozertarako erabiltzeko askatasuna ematen baitio. Erabakiaren zilegitasun-eza agerikoa izanik ere, tamalgarriena da, horri aurre egiteko aurretik neurririk hartu ez izana, politikari eta estatu desberdinek izan ditzaketen neurri zentsoreei aurre egiteko tresneria eraginkor baten faltan.

Eta bitartean, beste harri bat jarri da herrialde horietako biztanleak software librearen bitartez lor dezaketen garapenaren bidean. Enpresa transnazional eta abarreko putreetatik kanpo dagoen puntako produktu teknologiko independente, merke eta eskuragarria den software librearekin lor zezaketena.

Sarea erabiliz moztu dizkiete hegoak. Internet aske bat defendatzen duten horien eskutik.

Niri behintzat, beldurra ematen dit.

Etiketak:

Bidalketa berriak

Laga iruzkina

Iruzkinak itxita daude.