Fosdem: ikusi eta ikasi
Hurrengo asteburuan, bertan izango naiz, Fosdem-en. Berau, agian jakingo duzuen moduan (edo agian ez), Free and Open Source Developers European Meeting (Kode irekiko eta software libre garatzaileen bilkura europearra, edo) da, Europa mailan softwarearen gainean egiten den bilera librezale handiena. Software libreko proiekturik garrantzitsuenak bertan daude, baita berau posible egiten duten pertsonak ere: garatzaileak, lokalizatzaileak… bilkurak, hitzaldiak, tailerrak eta abarrekoak ematen, finean ikasteko aukera paregabea, eta pertsonok fisikoki ikusteko bakarrenetarikoa.
Nire kasuan, kuriositateak mugitzen nau gehien bat, anbiente horiek zelan mugitzen diren ikusteko, ikasteko… Software libre erabiltzailea naiz orain dela zenbait urtetatik hona, informatika ikaslea eta arestian lokalizazioaren erronkari ekin diot, beraz interesgarritasun hirukoitza du niretzat bilkurak. Begi-belarriak adi-adi, ordenagailua eta apunteetarako blok-a prest, ikusi eta ikasteko.
Eta Fosdem aitzakiatzat hartuta, zergatik ez Brusela eta inguruak ezagutu? Horretan gabiltza, bidaiari zukua, etekina ateratzen. Software librea aitzaki, ikustea eta ikastea helburu: lekuak, kultura eta jakintza. Libreak, noski.
Etiketak: brusela • fosdem • softwarelibrea








