Amets baten jaiotzatik, 150 urte

Beste amesgaizto batzuren erdian gauden bitartean (ez naiz arituko horri buruz, beste batzuk bikain aritu baitira horretan), nik XIX mende bukaeran jaiotako amets bati buru arituko naiz, teklatuari eraginez.

Gaur betetzen dira 150 urte, Ludwik Lazarz Zamenhof Poloniako Byalistok hirian jaio zenetik. Mediku oftalmologo hau, Esperanto izeneko hizkuntzaren sortzailea izateagatik da ezaguna.  Albisteak izan du eragina sarean: Menéameko azalean agertu da eta Google ahalguztidunak ere egin dio keinu urteurrenari.

Baina zer da esperantoa? Euskarazko wikipediaren hitzetan:

Zamenhofen helburua, nazioarteko komunikazioa erraztuko zuen hizkuntza laguntzaile neutral eta ikasteko erraza sortzea izan zen. Hizkuntza neutral honek, hizkuntza naturalak ez bezala, tokian tokiko hizkuntzak ez lituzke desagerpenera bultzatuko, lurreko biztanle guztien bigarren hizkuntzan bihurtuko litzateke eta horrela herri ezberdinen arteko elkar ulertzea eta honen ondorioz bakea ekarriko lituzke.

Askok galdetuko dute ea Esperantoa gaur egungo zerbait den edota zerbaitetarako balio dezakeen berau jakitea -kontuan izanda helburu zuzenetan porrot egin duela-. Ez naiz sartuko ea hizkuntza bat jakitea praktikoa ote denaren eztabaidan, denek balio baitute komunikatzeko eta argudio faltsu hau erabiliz etorri dira euskararen aurkako eraso asko.  Esperantoz, badaude aldizkariak, irratiak…  Baita munduan zehar esperantoa erabiliz oso merke bidaiatzeko baliabideak ere (Coachsurfing-en antzera)!

Baina garrantzitsuena dena, denontzat bigarren  (edo hirugarren etab.) hizkuntza izanik, munduko edozein pertsonekin berdintasun egoeran komunikatzea ahalbidetzen digu, beste edozein hizkuntzak eragozten diguna. Nahiz eta beste hizkuntza batzurekin konparatuz, hiztun komunitate txiki eta banatua izan dezakeen, sentsazio ederra da munduko beste puntako edonorekin berdintasun egoeran berba egitea.

Eta Euskal Herrian? Ba al da hiztun komunitaterik? Bai, hor dago historikoki garrantzitsuena izan den Bilboko esperantozaleen kluba,  1906ko maiatzaren 20an sortu zena eta 1935ean, euskaraz Esperanto Giltza, esperanto ikasteko metodoa, hiztegitxo batekin argitaratu zuena. Elkarteak, Zazpikaleetako Barrenkale Barrenean du egoitza.

Nazioarteko hizkuntza izateko garatua izan zen aldetik, ez da hizkuntza zailegia ikasteko. Norbait animatzen baldin bada ikasten, baditu sarean hainbat baliabide (gaztelaniaz, sarean ez baitago euskarazko baliabiderik):

  • Lernu.net: Esperantoa ikasteko hainbat kurso dituen ataria, guztiak doan, zuzendutako ariketak, tutoreak etab. Oso gomendagarria, nik neuk berarekin hasi bainintzen ikasten.
  • Mazi en Gondolando: Hizkuntzak ikasteko famatua egin zen Muzzy monstruoarekin eginiko metodoa, esperantora moldaturik.
Etiketak:

Bidalketa berriak

Iruzkin bat

  1. [...] 150 urte: Beste amesgaizto batzuren erdian gauden bitartean (ez naiz arituko horri buru.. http://hamahiru.org/?p=402 [...]

Laga iruzkina

Iruzkinak itxita daude.