Zelan sustatu ezagutza librea (benetan) Bizkaian

Askotan bota izan zaigu aurpegira dena kritikatzen omen dugunoi, ez garela gai alternatiba erreal eta bideragarriak emateko. Nik, hemen, orain, musutruk emango ditut zenbait ideia, azken aldi honetan Bizkaiko esfera politikoetara bat-batean etorritako uholde euskaltzale-librezale-web2.0zaleari nire ekarpena egiteko. Badago zer egin jakintza askearen eta teknologia berrien alde, oso merke -doan, kasu batzuetan-, aparteko zirkorik montatu gabe; adibideak anitzak dira.

1- Artxiboetako edukiak digitalizatu eta eskuragarri jarri.

Irudien kasua da adierazgarriena. Alemaniako artxibo federalak eta, hurbilago, Gipuzkoako Foru aldundiak, argazkien askatze masiboa egin dute, ehunaka -edo milaka- argazki eskuragarri jarriz lizentzia libre batean. Wikipedia moduko proiektuak elikatuz, benetan herritarron eskura jarriz publikoak diren edukiak… Lizentzia libreek bakarrik bermatzen dute edukien publikotasuna. Gainera, jadanik digitalizatuta baldin badaude (ziurrenik hala izango da), aldatzea inolako dirurik kostatzen ez duen erabaki politiko zentzugabe baten ondorioz daude edukiok oraindik ilunetan.

2- Datu geografikoak askatu.

Aurreko puntuaren arrazoi berdintsuak ditu, badaudelako eduki horretaz baliatu daitezkeen mapa libreak eta kasu honetan ere, jada giputzek aurrea hartu digutelako. Mapa libreak garatu ahal izateko aire-argazki libreak, diru publikoz egindako edukiak . Baina, zoritxarrez, imajinatzen dut gida kartografiko negargarri horiek ikusita, imajinatzen dut guzti hau zientzia fikzioa izango dela horren sistema kartografiko arkaikoa duen instituzio batentzat.

3- Software librearen aldeko apustua egin.

Hau agian zailagoa izan daiteke, migrazioak egitea beti izaten delako zaila, are gehiago ohiz kanpoko inertzia kantitate ikaragarria duen administrazio publikoan. Ordenagailu guztiakĀ  Formaziorako dirua eskatzen du, baina era berean, dirua Bizkaiko enpresen esku geratu ahal izango litzateke eta ez Redmond-eko enpresa ezagunaren hatzaparretan. Era honetan, krisi garaiotan, bertako ekonomia bultzatzen da eta ez da inolako menpekotasunik garatzen enpresa kanpotarrekiko. Gainera, software lizentzietan diru asko aurreztuko litzateke. Jada, joan dira 17,4 milioi AEBra, zergatia oso ondo ez dakigularik. Kasu honetan, Alemanian eta Frantzian ditugu ereduak.

4- Gaur egungo IKTak ezagutu.

Mesedez, irakurri Gorka Juliok idatzitako Izan, ez egon artikulu bikaina eta behin joko-arauak zeintzuk diren ikusita, izango zarete partidaren parte. Baina, kontuz, arauak bakarrik ez, jokoa zein fasetan dagoen ere jakin behar da. Atzerapen honen adibide garbi modura, Bizkaia.eu daukagu. Ekimen hau, planteatu zen momentuan desfasatuta geratu zen zerbait da eta, enpresaren bati fabore bat egitearren ez bazen izan, ez dut ulertzen ekimen horren zioa.

Hau da…

Beraz benetan eduki libreen alde, interneten alde eta abarren alde egin nahi bada, bistakoa da ez dela beharrezkoa inbertsio handiegirik, borondate politikoa besterik ez. Azken hau, benetan egon badagoen, beste kontu bat da. Gogoratu, diru publikoarekin gordeta dauden edukiak direla eta egun, euren erabilera publikoa oso baldintzaturik dagoela.

Bizkaia, jalgi hadi plazara! Hobe berandu, inoiz ez baino!

Ahari topaketak Eibarko plazan

Gipuzkoarrek liberatutako irudietako bat. Agian, administrazioekin horrela ibiltzera kondenaturik gaude

CC-BY-SA Indalecio Ojanguren

Etiketak:

Bidalketa berriak

Laga iruzkina

Itxi
Bidali postaz