Lotsaren hormak
20 urteren ostean, munduan bere horretan diraute hainbat Lotsaren hormek.
Gizadia lotsarazi beharko luketen hormak.
Gizadia mugiarazi beharko luketen hormak
Lotsarik gabekoek eraikitakoak.
Lotsarik gabe eraitsi beharrekoak. Orain. 20 urte geroago, berriz ere.
Zisjordania
Kasurik ezagunena akaso, baina ez horregatik alde batera laga beharrekoa. Nazioarteko Justizia Epaitegiak ilegala zela baieztatu arren, bere eraikuntzak aurrera darrai. 721 kilometrotako luzera planifikatua, eta hortik, %70a jada eraikita dago. Zer esanik ere ez, 1967ko mugak ez ditu errespetatzen: kokagune juduak, ur-putzuak, Palestinako hiriburua (Jerusalem), hormaren alde israeldarrean jartzen baititu. Izatez, hormaren %20a doa bakarrik muga errespetatuz, geratzen den %80ak lur palestinarrak banatzen dituelarik. Emaitza: 450.000 palestinar baino gehiago preso, inora joaterik ez dutela. Baina, bada esperantzarako lekurik: Berlineko hormaren erorketatik 20 urtera, lehen zirrikituak hasi dira zabaltzen Palestinan ere. Ez daitezela azkenak izan.

Bagdad
Adhamiya barruti sunia inguratzen duen 5 kilometrotako hesia da hau, 3,6 metro altuera duelarik. Eraikitze prozesuan dago oraindik, nahiz eta milaka pertsonek jada zenbait manifestaziotan hormaren aurka oihukatu duten (puntu garrantzitsua, jakinda gaur egungo Bagdaden zer prezio duen manifestazio batera joateak). Erlijio bateko sekta desberdinetako kideak harresiz banatzen ari dira, banaketa honek gero eta urrunago ikusten den balizko Irak demokratikoan hartu-emanetan erraztasun gehiago izatea galarazten duelarik, gorrotoa eta ezinikusia zabalduz, okupatzaileen mesedeetarako.
Ostrovany, Eslovakia
Bai, XXI. mendeko Europar Batasunean ere existitzen dira gisa honetako hormak. Badira hainbat egun, Presov eskualdeko Ostrovany herriko ijitoek 150 metro luzera eta 2 metro zabaleradun hormak eragindako bazterketa pairatzen dutela. Arraza eta kulturaren araberako Apartheid-a, denok eraikitzen dugun Europan. [Hormaren beste aldean bizi direnen] segurtasuna, bizi-kalitatea bermatzeko, ijitoen askatasunaren kontura. Bizi garen Europan lehen eta bigarren mailako hiritarrak daudela argi uzten duen adibidea.
Demokrazia babesten duten bi muga
Ipar Amerikan, jada 5600 hildako (Berlinekoak baino 20 aldiz gehiago) eragin dituen horma dago, inmigrazio ilegala saihesteko asmoz eraiki zena. 1058 kilometrotako hesi bikoitzak banatzen du fisikoki Mexiko eta Estatu Batuetako lurrak.1994. urtean hasi ziren amerikarrak eraikitzen, Bill Clintonen gobernuak hala aginduta.
Espainiar estatuan, antzekoak diren Zeuta eta Melilla daudela ezin ahaztu, berriz ere kanpokoek, euren bizkarretan lorturiko Europar demokrazietara etortzea galarazteko.
Ez daude diren guztiak, baina, tira, dauden guztiak dira.
Espero dezagun, 20 urte geroago gure lotsarako honelako beste artikulu bat idatzi behar ez izatea.
Etiketak: berlin • hormak • lotsa • palestina





