Azkue Fundazioa: aurkezpenaren wikiajeak
Bai, bertan izan nintzen, Euskaldunako foyerrean. Zirrara berezia sortzen dit, inflexio puntu garbi honen lekuko zuzena bihurtu izanak. Are pozago nago, ikusita bertan zegoen jendearen gehiengoak oraindik bere burua horren gazte ikusten duela jakinda, bertaratutako gehienen nortasun agiriak 45 urte ondo pasatuta dituztela adierazten dutela kontuan izanda. Zorionak, nagusitzerakoan zuen modukoa izan gura nuke.
Arrazoi duzue, ironikoa izaten ari naiz, oso eszeptikoa bainaiz kontu honekiko. Beti gustatu izan zait izokinarena egin eta alabantzaz osaturiko prentsaren berbajarioaren kontra uger egitea, baina, administrazioak wikipedia laguntzeko eginiko aurreko ekimenek bultzatu naute eszeptizismora.
Kontuz, erakundeek ere asko lagundu dezakete, Generalitateak wikipediari emandako bultzadak edota alemaniarren irudi askatze masiboak (giputzek ere antzeko zer edo zer egin dute) adierazten duten moduan. Baina, planteamendu zehatzak beharrezkoak dira, zoritxarrez, ke-saltzaileak ugariak direlako gurean.
Wiki-plazari dagokionez, plan zehatzik gabe, 70.000 artikuluren mugarria zehaztu du fundazioak 2011. urterako. Zer esanik doa, artikuluen kalitatea askoz garrantzitsuagoa dela kantitatearen aurrean, Volapük hizkuntzan dagoen wikipediak ondo adierazten duen moduan. Sekretutxo bat ere esango dizuet, blogeko irakurle fidelak zareten aldetik: Wiki-bitxi egiteko bitartekoak existitzen ziren wikipedian Azkue Fundazioa etorri baino lehen, Jarraipen zerrenda du izena.
El Paíseko artikulu batean ere zera irakurri dut: “Su objetivo es que la Wikipedia se convierta en una herramienta eficaz de trabajo, estudio y consulta en euskera.”. Hots, gaur egun, norbaitentzat (kazetariarentzat, egunkariarentzat, fundazioarentzat… ez naiz sartuko) Euskal Wikipedia ez da tresna eraginkorra. Hori, jaun-andreok, gezur borobil-borobila da.
Hona hemen ideia bat musu-truk, edozein hizkuntzatako Wikipedia i(ra)kasteko tresna ezin eraginkorragoa bihurtzen duena, artikulu kopuruari begiratu gabe: gai zehatz bat(zuk) jorratu ikasle-talde desberdinen artean, talde guztien artean bertsio orokor, zuzendu eta osatu bat adostea eta ostean, wikipedian idaztea. Ikasleek, interneten funtsezkoa den tresna bat erabiltzen ikasiko lukete eta lanerako motibatuagoak egongo lirateke, euren lana mundu osoarentzat ikusgai dagoela jabetuaz batera. Wikipedia, entziklopedia tradizionalen mugetatik haratago doa eta ez du zertan kontsulta tresna soila izan behar.
Beraz, laburbilduz, benetan Euskal Wikipediaren alde egin gura badute, gonbidatu nahiko nituzke Bilbao, Ariztondo, Urrutia eta Goirizelaia jaun-andereak (bereziki interesgarriak egiten zaizkit euren balizko ekarpenak, eurak, beraien esparruetan erreferentziazko adituak diren heinean) lanorduetatik kanpo eta ahal eta gura dutenean, artikuluak sortu eta osatzeko. Besteok egiten dugun moduan, hain zuzen.
Behar izatekotan, ni pozik arituko nintzateke eurei Wikipedia izeneko tresna paregabea zelan erabili irakasten.
______________________
Eguneraketa (14:30): Ezin da ahaztu ezta, euskara interneten jostea ahalbidetzen duen babesleetariko batek, Bizkaiko Foru Aldundiak, Uribe Kosta eta Erandioko albisteak euskara hutsez ematen dituen albistegi bakarrari, elektronikoa dena eta sare sozialak erabiltzen dituena (Facebooken 1250 lagun baino gehiago) eduki libreak bultzatzen dituena (CC-BY testu zein argazkietan), dirulaguntzak laurden batean jaitsi dizkiola aurten. Zer da lortu gura dena? Ez al ditu proiektu honek Azkue fundazioaren balio berberak? Zertan geratzen gara orduan, bultzatu nahi al dira horrelako ekimenak?
Etiketak: azkuefundazioa • wikipedia • wikiplaza









Ez al dago “txapela kentzeko” emotikonorik?
[...] P.D.D: Beste lotura bat Janfriren blogera oraingoan (http://hamahiru.org/?p=300) [...]
[...] bezalaxe Wikiplazaren gaiarekin hanka sartze nabaria egin zuten, hala adierazi zuen bai Janfri wikilariak zein nik (blog zaharrean). Wikilariok egiten dugun lana txikia bada ere ezin dute [...]