Oilaskoa (sasi)indiar erara
Tira, aurreko argazkiekin nostalgiko jarri naiz eta udako auzolandegian prestaturiko plater* (goxo-goxo) batekin natorkizue, gastronomia kulturaren bizkarrezurra den herrialde honetan haize berri batzuk ekartzearren.
Osagaiak
- Oilasko zatitua
- Currya
- Gurina (perfektuena Ghee gurina erabiltzea da, baina nik olioarekin ere egin dut)
- Pikantea gehitzeko zerbait (pipermina, esaterako)
- Piperra (berdea zein gorria, gura duzuen moduan)
- Tomate bat
- Kipula bat
- Jogurt bat
- Ura
- Gatza
- Maitasuna (hau tonaka behar da, bestela ez da behar bezala ateratzen)
Bale bai, baina zelan egiten da?
Behin maitasun eta energia positiboz beterik gaudenean (Ohmmm), gurina lapikora bota eta pixkanaka (su baxuan) bagoaz urtzen eta urturik dagoenean, barazkiak txikituta botako ditugu -tomatea izan ezik- pixkanaka biguntzen joateko (erre barik e, goxo-goxo, gogoratu maitasuna beharrezkoa dela).
Behin eginda daudelarik, oilaskoaren txanda izango da eta, sua pittin bat igoko dugu, gure oilaskoa beltzarantzen joateko. Ostean, Currya, pipermina eta gatza botako diogu, norberak nahi duen era eta kantitatean.
Ondoren, ura gehituko diogu, jada zerbait jangarriaren itxura duen gure nahasteari (oilaskoa ia guztiz estali arte) eta 20-30 minutuz izango dugu irakiten, oilaskoa ondo egin dadin. Azkenik, ura azken bor-borretan dagoela eta sua amataturik dugula, tomatea txikiturik eta jogurta botako diogu -azken hau ez dago zertan txikitzerik- eta ondo eragin, jogurta era uniformean banatzeko.
On egin!
* Izatez, Bretainiakoa den nire lagun Eflamm-ek irakatsi zidan egiten, nik lagundu besterik ez nuen egin.
Etiketak: gastronomia • india • mundua • oilaskoa • uda2009





