Ez galdu #hitzokei!
Twitter bitartez sorturiko #hitzokei memea, euskal ziberresferan sorturiko ekimen interesgarri eta politenetarikoa da, nire ustez. Sarrik, Hitzen ondoeza liburuan egin zuen antzera, baina auzolanean, denon artean sare sozialak erabiliz eta 140 karaktere baino gutxiagoan. Nik neuk ere egin dut saiakera bat edo beste.
Freskoa, bat-batekoa, polita, irribarrea ateratzeko modukoa… eta, zoritxarrez, ezezaguna askorentzat, twitterren bilaketa tresnak zenbait egunetako adina duten txioak ez dituelako aurkitzen (nahiz eta Google ahalguztidunak pixkat gehiago lagundu ahal digun), twitter erabiltzen ez duelako edota ezinezkoa delako #hitzokei berbaren bat idatzi duen oro jarraitzea. Ezinezkoa da, beraz, hiztegi xelebre hau era ordenatu batean kontsultatzea, ez baitago gordailurik.
Ezagutze falta honen harira idatzi gura nuen. Gaur egun, ez baitago #hitzokei hiztegiaz bere osotasunean gozatu daitekeen lekurik. Agian, batzuentzat, horretan datza gure hiztegiaren xarmak, iragankortasunean; baina nire kasuan, malenkonia pixkat sentitzea ezin dut ekidin eta berbok ziberzaborretik erreskatatu eta gordailu batean izan gura nituzke.
Eta proposamena nik egiten dudan heinean, eta berau ideia abstraktu legez ez geratzeko, hamahiru.org wikian jada sortu dut hitzokeirako orria, nik sartutako bi adibiderekin. Bertan, #hitzokei berbaren bat idatzi, irakurri, entzun… duzuenok, bertan ere idaztera animatzen zaituztet, nahi duen internauta orok bertan izateko hiztegia kontsultagai. Beraz, norberak bere profilean, lagunenean, #hitzokei baten berri duenean, ekin, ziberraltxor hau galdu ez dadin.
Zer diozue? Merezi al du auzolanean eraikitako katxondeozko lehen euskal hiztegiak ahalegin txiki hau? Baiezkoa esango nuke. Eta zuek?
Mundu osoko hitzokeiak, elkar zaitezte! Zabaldu ahotsa!
Berba zerrenda: http://wiki.hamahiru.org/index.php?title=Hitzokei
Etiketak: hitzokei • twitter









Ekimen ona, wikiarena.
Konturatu nintzenean twitter search-ek hitzokeiak “ahazten” zituela, pantaila argazkietan gordetzen hasi nintzen hitzokei ekarpenak, eta gero Google Reader-en bidez gorde izan ditut data jakin batetik aurrera sareratutakoak.
Imajinatzen dut Twitter-ek garatuko duela eta hobetu bere bilatzailea. Bitartean, oso ideia ona iruditzen zait zuk egindako wikia.
Jakingo duzunez, orain sustatu.com-en ere jasotzen dira hitzokeiak eta twitter erabiltzaile ez direnek beraien ekarpenak egiteko aukera dute hitzokei@sustatu.com postontzian.
Nola egin dezaket gordeta dauzkadan hitzokeiak wiki honetara sartzeko?
Oso erraza da. Hitzokeiak dauden orrira sartzean, goian, “aldatu” dagoen botoia sakatu eta bertan idatzirik daudenak eredu gisa hartuta, idatzi hitzokei berriak.
Bukatuta daudenean, behean ezkerrean dagoen “Orrialdea gorde” botoia sakatu (aurretik komenigarria da aurrebistari ematea, dena ondo joan dela ziurtatzeko).
Eskerrik asko animatzeagatik!
Oso ekimen ona #hitzokei wikian jartzearena.
Horrez gain, guk hitzokei batzuk audioz grabatuko doguz… irratia.com saioetan apurka apurka botatzeko. Ondo deritzozue?
Audio artxibo batzuk eukitea… be ondo egongo da barre egin edo pentsarazteko.
Gure kontu hori.
Ekimen politxa benetan,
ia jendia animetan dan!
Ez diat meritua kendu nahi, baina Pott bandakoek ere egin zuten horrelako zerbait orain hogeita piku urte. http://andima.armiarma.com/pott/pott0604.htm
Napartheid aldizkarian ere egin zuten “Hizteria” http://www.napartheid.net/nap/napar/06/previewpages/previewpage51.htm
Txikitan, Jose Luis Coll-en hiztegia ezagutu nuen, hemen pasarte batzuk http://www.terra.es/personal/jogo_2/textos/hist0015.htm
Hiztegiak asmatzea ez da, ez, gauza berria
@ptx
Oso ideia ona da, gustura entzungo ditut!
@Amonamantagorri
Nik ez daukat inolako meriturik, nik egindako lana (beste batzuren laguntzarekin) Twitterren sortutako memea gordetzea izan da, galdu ez dadin. Ez zen nire asmoa zerbait berritzailea sortzea, baizik eta gustua hartu diodan hiztzegitxoa galtzen ez uztea eta edonorentzat eskuragarri jartzea, Armiarmakoen antzera, baina beste maila kutreago batean. Dena den, ez nuen hiztegi hori ezagutzen, eskerrik asko estekagatik!
@markos
Ekarpen oso interesgarriak, eskerrik asko.