Blogak

Izenburu bera duen artikulua irakurri dut 390.  Goienkarian, Andoni Urtzelaik idatzita, Iban Arantzabalek hitzez-hitz denontzat eskuragarri jarri duena bere blogean. Gaur egun blogen onuretaz mintzo direnen -garenon- irakurketa arras desberdina.

Sarearen demokratizazioaren ondorio zuzena den blogen ugalketaz mintzo da Urtzelai batez ere, blogetan sorturiko edukiaren ondorioz, “Interneten nabigatzeak gero eta antz gehiago duela zakur-kakaz betetako kale batean ibiltzearekin” dela dio. Baina ez al da hori sareak eskaintzen duen aukerarik ederrenetarikoa? Edonork bere ekarpena (kaka batzurentzat)  egin ahal izatea da sarea den agora honek emandako aukerari handienetarikoa. Zer esanik ere ez, kakaedukia zer den definizio unibertsalik ez dago eta ezin dugu ahaztu eduki desberdinen kalitatea neurtzea oso subjetiboa ere badela, momentuan ditugun kriterio desberdinen araberakoa, hain zuzen ere.

Paperarekin ere egin daiteke analogia: unibertsitate tesiak, komikiak, historia liburuak, umeren baten irudiak, erosketarako zerrendatxoa eta komuneko papera topa daitezke euskarri berean. Horrek ez du esan gura papera era batean, besteren batean baino garrantzitsuagoa denik, desberdina baizik (ez da ohikoa izaten tesia eramatea erosketak egitera goazenean).

Gainera, blogek, irakurleak objektu pasibo izatetik idazle aktibo izatera pasatzea oso erraz ahalbidetzen du.  Blog bakoitzak bere publikoa du, zabala zein murritza, fidela zein noizbehinkakoa, hurbilekoa zein urruna, eta publiko hori zein publiko horri transmititu gura dion edukia kontuan izanda idatzi dezake blogariak. Hortik blog batek gai jakin batzuri idazteko joera garatzearen zergatia, lagunen arteko txutxumutxuak zein burtsako azken mugimenduen azterketa sakonak.  Eta arestian aipatu den moduan, publiko horrek aktiboki parte har dezake eztabaidan, datuak, iritziak eta abarrekoak konpartituz; niri behintzat, beti gustatu izan zaizkit elkarrizketak gehiago, bakarrizketak baino.

Blogak (sareko tresna gehienak bezala), helburua baino, komunikazio papera betetzen duten baliabide sendoak dira. Hortik harago, blogariaren irudimena besterik ez dago, tresna zelan erabili asmatzeko.

Etiketak:

Bidalketa berriak

Laga iruzkina

Itxi
Bidali postaz