Espartako haitiarrak

Gaur egun, Haiti, Amerika osoko estaturik pobreenaren modura ezagutzen dugun arren, badu historian bereziki eredugarria den kapitulua. Haitiar iraultza. Berori esker sortu zen Ameriketako lehen estatu librea, nagusigoa zen beltz komunitateak gidatua.

Haiti (orduan Saint-Domingue), XVIII. mendean mundu osoko azukrearen %40aren produktorea zen eta frantsesek zuten koloniarik aberatsena. Karibe osoan zeuden esklabuen ia erdiak, Haitiko kainabera zelaietan egiten zuen lan, Afrikatik ekarri ostean.

1791. urtean hasi zen mugimendua, Europatik, Metropolian gauzatzen ari zen iraultzaren ondorioz zetozen askatasun haizeak bultzaturik, zenbait beltz aberats eta librek bozkatzeko eskubidea aldarrikatu zutenean. Erantzun modura,  Frantziatik ezezko garbia jaso zuten. Esaterako, Honoré Gabriel Riquetik, Mirabeako konteak, zera adieraztera ere heldu zen: “giza-eskubideak, hori zirela, gizakientzako eskubideak eta ez zitzaiela ez zaldi ezta mandoei aplikatzen”, esklabu beltzei erreferentzia garbia eginez.

Urte bereko abuztuaren 22ko gauean, Europako potentzia esklabistak horrenbeste izutzen zituen balizko esklabu-iraultza, benetako amesgaizto bihurtu zen, abade budu batek eraginda (Matalas haitiarra, akaso?), ospakizun erlijiotsu batean. Hurrengo 10 egunetan, ehun mila esklabu (ohi) beltzek, iparraldeko probintzia osoa hartu zuten eta hurrengo urterako,  Hispaniola irlaren herena zuten kontrolpean. Kronikagile europearren arabera, jada ordurako 2000 ziren erahildako zuriak eta 180 erretako azukre plantazioak.

Iraultza hasi eta bi urtera, 1793ko abuztuaren 29an, esklabutzaren amaiera aldarrikatu zen, nahiz eta Haitik frantsesen esku jarraitu. Ziurrenik, orduan, irlan Frantziak Espainia eta Erresuma Batuaren kontra zeraman gerran indarra behar izateak,  izango zuen zerikusia handia abolizio horretan.

Nahiz eta Napoleonekin gauzak lasai jarraitu, frantsesen esklabotza berrezartzeko asmoak begi-bistakoak  zirenean (Guadalupen hala egin baitzuten), esklabu izandakoak berriz altxatu ziren armetan eta independentzia gerra bat borrokatu, 1803ko azaroaren 23an, Vertières-eko batailan frantsesak garaitu arte.

1804ko Urteberri egunean, Haitiko errepublika librea aldarrikatu zen, esklabu ohi beltzek gidaturiko lehen nazio poskoloniala bihurtuz eta bakarra historia osoan, esklabuen errebolta arrakastatsu baten ostean independentzia irabazi duena, oraingoz behintzat.

Jean-Jacques Dessalines, errebelde haitiarren burua

Info +: http://en.wikipedia.org/wiki/Haitian_Revolution

Etiketak:

Bidalketa berriak

Laga iruzkina

Itxi
Bidali postaz