Statxka!

Bihar, grebara noa; bai langile eta bai ikasle naizen aldetik. Onartuko dut sindikatuek inoiz ez didatela konfidantza gehiegirik eman, askotan langilegoaren interesetatik kanpo jokatzen dutela iruditu zaidalako, beste helburu batzuri jarraiki. Baina, zoritxarrez, bihar grebara joateko arrazoiak soberan ditut.

Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digital euskaldun bakarra den ukberri.net-eko langilea naizen aldetik, ikusten dut etekin ekonomiko aseezina helburu duen gaur egungo sistema ekonomiko eta sozialaren erakusle gorena den globalizazioan, euskara moduko hizkuntza gutxituak lekuz kanpo jartzen ari direla, asko desagerpenera kondenatuaz (UNESCOren arabera, egun mintzatzen diren 6700 hizkuntzen erdia galdu egingo da mende honetan).

Bitartean, praktikotasunaren, mugikortasunaren eta munduko hiritar izatearen izenean lingua franca legez ingelesa moduko hizkuntza praktikoak inposatzen dizkigute. Etekin ekonomikorik sortzen ez duen etekin sozialak, ez du lekurik logika ekonomiko honetan. Horren adibide garbia da, Bizkaiko Foru Aldundiak agerkariari diru-laguntzak laurden batean murriztu izana. Beste era batean esanda: “Euskara ederra da, babestu eta bultzatu beharrekoa, baina gauzak zail daudenean, goazen gauza serioetara eta laga dezagun folklorea beste baterako“.

Ikasle ere banaizen aldetik, hots, biharko langilea, agian arrazoi gehiago izan ditzaket grebara joateko, badakidalako prekarietatea, langabezia, esplotazioa… pairatu beharko ditudala lan-mundura jauzi egitean. Langilegoa subjektu aktibo modura baino, enpresaren beste ondasun ordezkagarri pasibo modura tratatzen duen sistema ekonomikoaren gordintasuna jasan beharko dut, euren diruzalekeriagatik enegarren krisia sortu duten errudunak (banketxeak) irabaztea horrenbeste kostatu zaidan nire boltsikoetako diruarekin salbatuko dituzten bitartean.

Ikasleak langile akritiko eta enpresen beste ondasun-objektu bihurtzea helburu duen unibertsitateak ere enpresen eskakizunei men egin dio, euren neurrirako langileak sortzen dituzten bitartean, espezializazioaren izenean. Jakintza biltegi izatetik, langile fabrika izatera pasa da unibertsitatea. Horren erakusle dira enpresetan erabiltzen diren teknikak gero eta gehiago txertatzea hezkuntzan, “hori delako lan-munduan egingo duguna“.

Arazoa ez da krisi honena, krisi eta eredu neoliberala bultzatzen duen sistemaren arazo endemikoa baizik. Horregatik, bihar ez naiz ez lanera eta ez klasera joango. Bihar, grebara noa.

Eta gauzak nola joan doazen ikusteko, edo neronek ikusi duena kontatzeko, grebaorokorra.info webgunera joko dut. Eta zuk?

Bukatzeko, bideo modura, Sergei Eisenstein zuzendari sobietarrak zuzendutako Statxka (Greba) filmearen lehen zatia lagatzen dizuet, gura izatekotan filme osoa Youtuben ikus dezakezuelarik.

Etiketak:

Bidalketa berriak

Iruzkin bat

Laga iruzkina

Itxi
Bidali postaz