Euskararen egoera zenbait “euskal” webgune politikotan
Alderdi politiko desberdinetako webguneak begiratzen egon naiz, kuriositatez.
Webguneotan euskara zelan dagoen ikusita, artikulu hau idaztera bultzatu nau egoerak. Kasu batzutan alderdiaren webgunea bera gainbegiratu dut, alderdien ingurukoak diren zenbait webgune besteetan.
Denbora osoan euskaraz konfiguratuta dagoen nabigatzaile batekin egon naiz webguneok bisitatzen.
EAJ
Ibarretxe.com: Erdaraz agertu zait webgune osoa eta lehen planoan dagoen bideo baten bitartez, euskañolez gonbidatu nau Ibarretxek berarekin eztabaidatzera.
Ibarretxerentaldea.com: Interfazea euskaraz dagoen arren, ematen du Ibarretxeren taldeak ez dakiela euskaraz idazten. Artikulu hau argitaratu baino lehen behintzat ez dutelako hala egin.
Thinkgaureuskadi2020 webgunean sartzean hizkuntza aukera daiteke. Dena dela, Twitter eguneraketak erdara hutsez egiten ditu, batzutan oso lotsa gutxirekin.
PSE-EE
Euskaraaskatasunez.com: Defektuz interfazea eta edukia euskaraz agertu zait baina nahiko eduki gutxi du, izatez, manifestu famatua besterik ez. Abandonaturik dagoela dirudi.
Redparaelcambio.org: Erdarazko domeinua du bakarrik (berrikuntzasarea.org ez dute hartuta), lotsagarria da “ekintzaileen txokoa” delakoan dagoen euskara maila. Horrenbeste akats ikusi ostean, irakurtzen jarraitzeari uko egin diot. Badaezpada ere, hona hemen pantaila-argazkia.
PP
Basagoiti 2.0: webgune osoa espainol hutsez dago. Adierazgarria da baita sarean -eta saretik kanpo- eginiko “Zabaldu begiak” kanpaina. Alderdi Popularrak ez du euskararekiko inolako interesik erakutsi -sarean behintzat- eta gainera, paso egiten du hauteskunde garaiotan hain modan dagoen itxurakerietan ibiltzeari.
D3M
Zerrendako webgune elebidun-diglosiko bakarra da (Bideoak-Videos, Argazkiak-Fotos?) eta kronologikoki agertzen den edukia errepikaturik dago bi hizkuntzetan kasurik gehienetan, nahiko irudi pobrea emanez.
EA
Alderdiaren webguneak interfazea du euskaraz, eduki gehienak Cervantesen hizkuntzan dituelarik. Edukion hizkuntza ezin daiteke aldatu.
EB
Defektuz erdaraz agertzen da. “Euskara” sakatuz gero, interfazea bakarrik euskaratzen da, edukiek gazteleraz jarraitzen baitute.
Aralar
Euskaraz kargatu da, interfazea zein edukiak. Gaztelerara joz gero, edukiak zein interfazea aldatzen dira hizkuntzaz. Hizkuntza eskubideak (euskaldunenak zein erdaldunenak) babesten dituen webgune bakarra da nahiz eta ez dituen erdaradunak euskaraz kontsumitzera “bultzatzen”. Mundu guztia pozik lagatzeko saiakera antzua (ni exijentea naiz gero!).
Bukatzeko, zenbait puntu:
- Aipaturiko webgune batek ere ez du euskara lehentasunezko hizkuntza modura, gehienek erdara dutelarik nagusi -edo bakar-.
- Askok, internauta -eta nabigatzaile- euskalduna izanik “Euskara” botoian klik egitera behartzen dute, nabigatzailearen hizkuntza-ezarpenei muzin eginez.
- Webguneotan jasotzen duen pareko tratua ematen baldin badiote alderdiek euskarari, oraindik euskarak gurutz-bide luzea du aurretik.







Oso analisi ona egin duzu. Agian falta izan zaizu ezkerabertzalea.info aztertzea, nahiz eta hauteskundeetan ofizialki aurkezten ez den.
Bestetik nik D3Mren webgunea bisitatu dudanean interfazea diglosikoa bada ere gero bestelako detaileak euskaraz dira (Adibidez gaztelerazko berrietan ere …gehiago irakurri botoia euskaraz dago). Baina bai, nahiko eskasa da bi hizkuntzatan aldi berean agertzea dena.
Oso analisi interesgarria! Webgune asko ezagutu ere ez nituen egiten. Eskerrik asko
Zure estekak jarraitu ditut eta lurralde batetan edo gehiagotan aurkezten diren alderdi politikoen webguneak ere aztertu ditut (nik nabigatzailean euskara daukat hizkuntza lehenetsia bezala):
* EAJ-PNV
http://www.hemenibarretxe.com/ Edukiak euskaraz eta gaztelaniaz dago eta edukiak hizkuntza bietan berdinak dira.
http://www.eaj-pnv.eu Euskaraz irekitzen da eta edukiak dexente iruditzen zaizkit.
* EB (Ezker Batua)
http://idiezkerra.org Hizkuntza haseran aukeratu behar da eta euskara hautatuz gero informazio guztia euskaraz dagoela dirudi.
* PACMA (Partido antitaurino contra el maltrato animal)
http://www.pacma.es Gaztelaniaz irekitzen da baina euskara aukeratu daiteke. Hori egindakoan oso eduki gutxi dago euskaraz eta interfazea bera euskaratzea bukatu ez dutela dirudi!
* EKA-PC (Partido carlista de Euskal Herria)
http://www.partidocarlista.com/ Hemen euskara agertu ere ez da egiten.
* PH (Partido humanista de Euskadi)
http://nuevohumanismo.com/ Hemen ere euskara agertu ere ez da egiten.
* PUM+J (Por un mundo más justo)
http://porunmundomasjusto.com/ Gaztelaniaz irekitzen da baina euskara aukeratu daiteke. Hori eginez gero, interfazea euskaratuta agertzen da (kalitate txarrez) eta eduki gutxi agertzen dira euskaraz (eta kalitate txareez).
* UPyD (Unión pueblo y democracia)
http://upyd.es/ Euskara agertu ere ez da egiten.
* Aipaturiko webgune batek ere ez du euskara lehentasunezko hizkuntza modura, gehienek erdara dutelarik nagusi -edo bakar-.
Zer esan gura duzu honekin Mikel? Euskaraz eduki gehiago duenik ez dagoela, adibidez?
Edo ez dagoela inor derrigortzen duena lehenengotik euskaraz jardutera? Eta hori bada esan gura duzuna ona litzateke hori? edo bultzatu behar dugu jendea euskaraz konfiguratzera nabigatzailea?
* Askok, internauta -eta nabigatzaile- euskalduna izanik “Euskara” botoian klik egitera behartzen dute, nabigatzailearen hizkuntza-ezarpenei muzin eginez.
Bigarren puntu hau irakurrita ulertzen dut zuk ere nahiago duzula nabigatzailearen hizkuntza-ezarpenak euskaraz izatea… Beraz, lehenengo puntua are zalantzatsuago irakurtzen dut.
* Webguneotan jasotzen duen pareko tratua ematen baldin badiote alderdiek euskarari, oraindik euskarak gurutz-bide luzea du aurretik.
Hau zer da, webgune guztiendako baliogarri den ondorioa?
Aupa Iban,
Lehen eta bigarren puntuagaz esan gura dotena batez be zera da: Elebitasunarekin ahoa betetzen duten alderdiek ez dituztela bi hizkuntzak maila berean jartzen: bai eduki aldetik eta baita defektuz kargatzen den hizkuntzarekin ere. Alde horretatik, euskaldunok gara hasieratik behartuta gaudenak erdarara jotzen.
Nabigatzaileak euskaraz konfiguratuta izatea garrantzitsua da noski, baina egon behar da baita webguneak hori kontuan izateko diseinu egokia. Baina, denok pozik izatea ahalbidetu dezaketen ezarpen horiei muzin egiteaz gain, erdara jarri dute hizkuntza lehenetsi modura. Eta nik diot, kontrakoa gertatuko balitz (euskara lehenetsita izatea), politikoki zuzena litzateke?
Hirugarren puntuaz, esan nahi nuena da, “elebitasun perfektu” horretan euskarari ematen dioten -biharko agintariak dira, ezin dugu ahaztu- garrantzia gaztelerarekiko ez dela parekoa, gutxiagokoa dela baizik. Hau da, multikulturaltasunarekin ahoa betetzen duten horiek ez dutela ezta eurek behar bezala aplikatzen (zerrendako ganorazko webgune elebidun bakarra Aralarrena iruditu zait) sasi-elebitasun hori. Beraz, ez da webguneetara mugatzen den kritika, klase politikoari egiten zaion kritika da, webguneak egoera diglosiko honen isla besterik ez direlarik.
Ez dakit hobeto azaldu dudan…
Eskerrik asko. Argiago.