Gdansk iruditan

mikel; 2010, Uztailak 22 | Iruzkinik ez »

Wikipedia eskoletan: Esperientzia katalana

mikel; 2010, Uztailak 22 | Iruzkin bat »

Esan bezala, Wikimania 2010ean izan nintzen, Gdansken. Asko dago idazteko, komentatzeko eta argitzeko, baina gurako nuke hasi niretzat hitzaldi interesgarrienetarikoa izan den batekin: Wikipedia at schools. The Catalan Experience.

Wikipedia eskoletan

Wikipediaren erabilera eskoletan irakastearen onurak bistakoak dira: alde batetik, ikasleek gaur egungo tresna gero eta garrantzitsuago baten erabilera aztertuko lukete, euren ikasketa prozesuan etekin handiagoa atera ahalko lioketena. Bide batez, ikasleak motibaturik egonez gero, Wikipediak wikilariak lortzeko aukera izango luke, bertan edukiak sortuko lituzketenak etorkizunean.

Ezin da ahaztu wikipediak eragin oso handia duela gaur egun eskoletan eta komenigarria litzateke irakasle eta ikasleek kontuan hartzea zer den wikipedia eta nola funtzionatzen duen.

Zailagoa da ordea, onura eta helburu horietara heltzeko bitarteko egokiak aurkitzea. Ez dago metodo magikorik wikilariak lortu eta ikasle guztiek wikipediak nola funtzionatzen duen ikasteko. Katalanen esperientziatik ikasteak ordea, ibilaldia hasiera-hasieratik ez hastea dakar.

Aurkezturiko proiektua, labur

Viquibalear izeneko proiektua, Balear Uharteetako hamahiru eskoletan eginiko proiektu-pilotua izan da (13 irakaslek eta 160 ikaslek hartu dute parte),  eskoletako ikasleek katalanezko wikipedia artikuluz hornitzea helburu izan duelarik, txapelketa baten bitartez. Gobernu autonomikoaren (diru)laguntzarekin gauzaturiko proiektua izan da.

Bertan, lehenik eta behin, wikilari batzuk Moodle ikastaro baten bitartez hezi zituzten eskola-irakasleak Wiki eta Wikipedia munduan trebatzeko. Ostean, irakasleek ikasleei pasa zizkieten ikasitako oinarriak eta behin oinarri teknikoak irakatsita, hasi zen artikulu-txapelketa eskola desberdinen artean. Wikilari eta irakaslez osaturiko epaimahaiak erabaki zuen sariak nola eta nori banatu.

Emaitzak: 602 artikulu sortu ziren txapelketan, horietatik 472 katalanezko wikipediara pasa zirelarik. Editore aktiborik ez da lortu, bai ordea noizean behinekoak, pixkanaka aktibatzen ari direnak.

Gakoak

  • Wikilariz osaturiko elkarte legala izatea. Gobernuarekin hitz egin edota proiektu bat abiarazteko orduan, identifikazio fiskalerako zenbakia izateak ez ditu gauzak errazten, ezinbestekoa da hasteko. Gainera, gisa honetako kontuetarako, jendeak nora jo dezakeen errazten du, maila pertsonaletik harago joan daitekeen sare zabalagoa sortuz.
  • Eskola-irakasleei kreditua ematea. Formazioa jasotako irakasleei ikastaroa egin eta proiektuan parte hartu dutenaren agiria emateak asko lagundu du hauen partehartzea sustatzeko.
  • Artikuluak ebaluazio barruan sartzea. Ezinbestekoa da irakasleek era batera edo bestera ebaluaziorako artikuluak kontuan izatea ikasleek euren lanak eragin zuzenagoa ere izango duela ikus dezaten.
  • Wikipedia plataforma modura EZ erabiltzea. Aparteko domeinu eta zerbitzariak, ingurune kontrolatuago bat sortzen du, wikilariei artikulu txarrak sor dezakeen lana aurreztuz eta ikasleei euren artikuluak beste inork aldatzen ez dituenaren berme handiago bat emanez, komunikaziorako erraztasunak (oharak etab.) ahaztu gabe. Bukatuta dagoenean idatziko da artikulua wikipedian.
  • Oihartzuna. Jende berria erakartzeko, egiten ari den lanaren garrantziaz jabetzeko, behar-beharrezkoa da komunikazio lan ona egitea. Gehiago izatea ahalbidetuko du epe ertainean.

Hitzaldiko diapositibak

Eta gurean, zergatik ez?

Egin dira saiakerak, baina nik uste dut -berriz ere ezer magikorik ez dela existitzen gogoratuz- beharrezkoa dugula eginiko akatsetatik ikasi eta proiektu arrakastatsuetatik abiatuz eraikitzea. Saia gaitezen.

Uda

mikel; 2010, Ekainak 23 | 3 iruzkin »

Uda berriki hasi den honetan, gustatuko litzaidake geroago etorriko diren esperientzia eta kroniken aurrerapen bat egitea, oraindik oporretan ez nagoen honetan nire burua animatzeko, gero zer datorren ikusita. Hamahiru ere bidaia blog bihurtuko da uda honetan. Hona hemen egingo ditudan bidaiak uda honetan, labur-labur:

  • Gdansk, Polonia. Wikimania 2010ean emango dudan hitzaldia aprobetxatuz (detaile gehiago, laster) zazpi egun egingo ditut Baltikoko hiri interesgarri honetan, horietatik hiru Wikimanian bertan, gainerakoetan inguruak ezagutzeko asmoa dudalarik.
  • Mallorca. Lehenengoz joango naiz Balear Uharteetara, deskantsatzeko asmoarekin. Dena den, badut interesa baita inguruak ikusteko. Aurkituko dudan masifikaziorako mentalki prestatzen dago nire burua.
  • Osinalice, Txekia. Egin ohi dudan moduan, aurten ere izango naiz auzolandegi batean. Oraingoan, parke natural bateko bide eta hesiak egiten emango ditut egunak, Osinalice herrixkan (27 etxe, 11 biztanle). Gogotsu nago auzolandegian lan egin, jende berria ezagutu, eta gero lasai-lasai nire erritmora Txekiar Errepublikako zenbait leku bisitatzeko.

Badakit azkenaldian bloga ez dela izan oso eredugarria aktibotasun aldetik, baina saiatuko naiz udan noizean behin idazten, argazkiren bat erakusten… Ez dut bideorik egingo, ez daukadalako ez gogo ezta abilidaderik ere horretarako. Horretarako badaude hobeak. Berriz ere, heldu da #oporrak etiketa erabiltzeko garaia. Azkenik.

Kazetaritza eta txosten teknikoak

mikel; 2010, Ekainak 1 | Iruzkinik ez »

Nola egin ingeniariek esaldiak osoak erabiliz, labur idaz dezaten? Kazetaritza eta txosten teknikoen formatua konbinatuz. Egunkariko artikuluetan, paragrafoak garrantziaren arabera daude ordenaturik, irakurleak interesa galtzen duen edozein puntutan utz diezaiokelarik irakurtzeari, jakinda irakurri duen zatia irakurri ez duena baino garrantzitsuagoa dela.

Zure mezua esaldi bakarrean adierazi. Hori da zure izenburua. Idatzi paragrafo bat mezua justifikatuz. Hori da zure laburpena. Laburpenean, kontestu handiagoa edota argibide gehiago behar duen esaera bakoitza markatu. Idatz itzazu paragrafo bat edo bi horrelako esaera bakoitzeko. Hori da zure txosteneko gorputza. Identifika ezazu gehiago argitzea behar duen gorputzeko esaldi bakoitza eta idatzi paragrafo bat edo bi eranskinean. Txertatu zure kontakturako informazioa, argibide gehiago behar duten irakurleentzat.

-William A. Wood (jatorria)(non ikusia)

Paralajea eta filopodea

mikel; 2010, Maiatzak 10 | Iruzkinik ez »

Aurrekoan aritu nintzen Hugini buruz. Haatik, batzutan aplikazio honek ere arazoak izaten ditu era egokian argazkiak lotzeko, batez ere,  argazkiak ateratzeko gomendioak ez badira ondo jarraitzen. Batzutan, Huginek berak ere ezin ditu konpondu, emaitza nahiko itsusi geratzen delarik:

Aurre-aurreko arbolan fijatu al zara? (CC-BY-SA Kim Hansen)

Zuhaitzeko mozketa horri, paralaje errore deritzo.

Soluzioetariko bat (nahiko ona), kontrol puntu gehiago gehitzea izan daiteke, baina baliteke baliagarria ez izatea, argazkiak hartzerako orduan fotomakina asko mugitu baldin bada.

Gauzak honela, errore horiek era sinple baina nahiko eraginkor batean nola ekidin edota zuzendu daitezkeen begira ibili naiz.

Argazkia ateratzeko orduan, tripodea erabil genezake, noski, baina dirutxo bat kostatzeaz gain, denbora asko eraman dezake berau muntatu eta nibelatzea, argazkia ateratzeko momentu berezia galdu dezakegularik eta atentzioa eman, agian nahi baino gehiago. Hugin nahiko iaioa da errore txikiak konpontzen, eta ez du horrenbesterako perfekziorik. Gainera, motxila aldean bidaiatzen dugunontzat, bolumen eta pisu gehigarri onartezina suposatu dezake tamaina estandarreko tripode batek.

Horretarako, tripode txiki horiek alde batera utzita, erabilgarria izan daitekeen etxeko soluzioa aurkitu dut: Filopode izeneko gailuaren bertsio sinplifikatua.

Funtsean bertsio hau, hari bat da, mutur batean pisua ematen dion zerbait duelarik. Hari hau, objektiboan eskegi eta tenkatu egingo da (pendulu baten antzera). Behin horrela dagoelarik, erreferentzia moduan erabiliko dugu, argazki bakoitzerako haria ahalik eta gutxien mugitzea helburu dugularik, fotomakina hariaren inguruko ardatzean biratuz panorama osatzeko argazkiak egiteko (lau baldosek definituriko puntu komuna e. a. erabiliz erreferentzia modura). Honela, fotomakina ardatz beraren inguruan biratuko da, paralaje erroreak egiteko aukerak minimizatuz.

(C) Agno's equipment

Filopodea, fotomakina bertikalki jarrita dagoenean

Altuera ere begiratu dezakegu, begirada azkar bat botata gure pisua emateko gailuak lurrarekiko duen altuerari begirada bat botaz. Fotomakinaren orientazioa egokia dela ikusteko, onena bisore barruan erreferentzia puntu bat izatea da (puristek burbuilazko nibel bat erabil dezakete).

Asko dira, filopodeak erabilita ateratako argazki ederrak. Salgai ere badaude, baina duen sinpletasun eta xarmagatik nik uste merezi duela norberak egitea, bat erabili nahi izatekotan.

Hugin, panoramak egiteko aplikazio librea

mikel; 2010, Maiatzak 10 | Iruzkin bat »

Hainbat argazkiz osaturiko panoramak egiteko, Hugin aplikazio librea hasi naiz erabiltzen, beste askoren moduan. Era honetan, azpian dagoen irudi panoramikoa hiru argazkitan oinarrituta atera dut:

Plaza Barria

Prozesua oso sinplea da: Irudiak igo, kontrol puntuak definitu eta optimizazioa (dena automatizatuta ere egin daiteke). Laster argitaratuko den artikulu batean azalduko dut, zelan ekidin argazkiak hartzeko eragatik irudian sortu daitezkeen errore batzuk. Bitartean, segi esploratzen, hortik dauden tutorial bikainak erabiliz. Ikusiko duzue zenbaterainoko ahalmena duen aplikazioak.

Wikizaleon txokoa

mikel; 2010, Martxoak 30 | Iruzkinik ez »

Pasa den asteartean, hilak 23, agertu zen Gaztelumendi blogean Agirre Lehendakariari buruzko zutabetxo osatu eta interesgarria. Lagun batekin irakurri ostean, komentatu zidan ez zituela bertan zerrendaturiko ideia gehienak ezagutzen, hala nola, Athletic-eko jokalari eta Getxoko alkate izandakoa zela. Nik neuk ere, ikasi nuen zerbait, ez bainekien familia txokolategilea zuenik.

Konturatu nintzen, ez nintzatekeela gai izango ziurrenik Gaztelumendik eginiko moduko zerrenda bat egiteko, baizik eta ziurrenik dozena erdi kualitaterekin jada nahiko hutsik geratuko nintzela. Gainera, sakondu ezinekoa. Beharrezkoa beraz, konponbideren bat topatzea,

Eta orduan deskubritu nuen Dan Lewisen blogeko artikulua, nire egoera berdintsu baten aurrean ekimen interesgarria proposatzen duena. Agirreri buruz asko jakiteko, badut bibliografia, baina ideia orokorrago bat hartzeko larregizkoa izan daiteke. Beraz, interneten bilatu eta nahikoa dut wikipediara jotzea informazio gehiago lortzeko.

Gaur egun, hiru nabigazio klase desberdinduko nituzke wikipedian:

  1. Datu jakin baten bila (herri baten biztanleria, konstante fisiko baten balioa e.a.) datorrena, datua lortu eta alde egiten duen internautarena.
  2. Artikulu edo gai zehatz bati buruz gehiago jakin nahi (herri bat, jakintza-esparru bat e. a.) eta artikulu bat edo batzuk irakurtzen dituenarena, diagonalean zein arreta jarriz, ordenagailu aurrean dagoenak duen interes, behar eta ulermen mailaren arabera.
  3. 2. puntukoen modura nabigatzen hasi eta haria galtzen dutenak, azkenean prokrastinaziorako tresna paregabea bihurtuz. Honen azalpen grafiko bikaina agertu zen xkcd blogkomikian. Guztioi gertatu zaigu noizbait.

Baina, Dan Lewis-en proposamena, 2. nabigazio eredu horri beste dimentsio bat ezartzen dio, artikulu bera irakurri dutenen arteko iritziak eta eztabaida. Euskaraz, HausnaUrtu izan daitekeen modura da hau, hausnarketa eta eztabaidarako gunea izanik filma desberdinetako edukiak erabiliz, baina, flimak beharrean, wikipediako artikuluak erabilita gai bati buruzko iritzia lantzeko oinarri modura. Honi, Lewis-ek The Wikipedia Reading Club izena esleitu dio eta nik, Wikizaleon txokoa modura itzuli dut.

Baina zer da zehazki txoko hau? Ze ezaugarri ditu?

Sareak eskaintzen dizkigun plataforma desberdinak erabili daitezke: blogak, sare sozialak, foroak… Baina, praktikotasunaren izenean, hasitako gai bakoitza leku berean egotea komeni da, ez egoteko iritzien dispertsio larregirik.

Pertsona batek, gai batean herren dabilela pentsaturik, wikipediako artikulu bat gai modura hartu eta bere iritziak, ikuspuntuak argitaratuko lituzke.

Ostean, tresna horretako erantzuteko ahalmena erabiliz (blogetako komentarioak, egoerei erantzuteko ahalmena Facebooken…) interesa duten pertsonek, artikulu bera irakurri eta euren iritziak ere konpartitzeaz gain, aurrekoek eskainitako iritzi, inpresioei erantzuteko aukera izango lukete.

Era honetan, wikipediako artikulu batekin, ikuspuntu desberdinetaz jabetzeaz gain, baliteke wikipediako artikulu batean agertzen ez diren gauza interesgarriak agertu (iritzi subjetiboak, estekak desberdinak…) eta euretatik ikastea.

Norbait animatzen da? Egin dugu noizbait hori, gura barik, wikizaleon txoko bat sortzeko asmorik gabe. Eztabaidak beti dira bakarrizketak baino interesgarriagoak. Eta orain, ezagutza partekatzeko sare sozial euskalduna abian dela, agian ez da leku txarra halako zerbait planteatzeko. Lewis berak egin du esperimentua bere blogean.

Bakeak hondamendia dakarrenean

mikel; 2010, Martxoak 25 | Iruzkinik ez »

Krisiaren biktima izan da Sderot hiri israeldarra. 20.000 biztanle eskasekin, zirkunstantziek egin dute famatu: Gazako mugatik hurbil kokaturik, maiz ikusi ditugu komunikabideetan bertako biztanleak Qassam suzirien mehatxupean korrika eta, biztanle horien segurtasuna arrazoi modura emanez justifikatu dira Gazan egindako makina bat sarraski.

Krisia aipatu dut biktima eragile modura, baina ez naiz finantza krisi globalaz ari, baizik eta famatu egin duten Qassam suziri horien gabeziak sorturiko krisiaz. Haaretz egunkari israeldarrean irakurri ahal izan dugu albistea. Urteetan zehar atakeen ondoren jasotako diru laguntzak desagertu egin dira azkenaldian, kohete jarioa isilduaz batera. Laburrean, Qassam koheteek, lehergai kilo batzuez gain, aberastasuna ere eraman zuten Sderotera. Egonkorra zirudien diru-iturria bukatutakoan (azken batean, gatazkak denbora asko dirau, zergatik ez lukete suziriek era berean iraungo?), ordea, miserian utzi ditu bortxakeria ezak Sderoteko biztanleak.  Hiriko diruzainaren hitzetan, “mirari batek bakarrik” salba dezake diru-kutxa publikoen egoera tamalgarria. Irakurlearen esku uzten dut mirari hori zer izan daitekeenaren interpretazioa.

Bereziki, Zisjordaniako kokagune ilegaletara estrapolatu daitekeen egoera da hau. Gatazka eta zuzenago, Israeleko gobernuak bere interesei jarraiki emandako diru gabe iraun ahal izango lukete? Zenbat israeldarrek egin behar dute lan, kolono bat mantentzeko?

Urrunago joanda, agian zilegi da Israelgo estatu osoari ere egoera zabaltzea. Teknologiaren aldeko apostua egin dute, lanesku merkea lortzen dute lurralde okupatuetan… eta azkenaldian turismoa bultzatzen hasi dira, batez ere okupatuta duten Jerusalem ekialdea promozionatuz. Baina, posible litzateke Israel den gerra makinari eustea, gerra gabe, AEBtik jasotzen dituen milioika dolar horiek gabe?

Sderotek erakutsi du: bere kasuan behintzat, bakea ez da errentagarria. Denborarekin, eredu ala salbuespen izango ote da, Israel deritzon lurrez inguraturiko irla bakarti horretan?

Zelan euskaratu Mozilla Firefox

mikel; 2010, Otsailak 24 | 4 iruzkin »

Jakina da, Firefox, euskaraz deskarga dezakegula hainbat sistema eragiletarako, baina demagun Firefox jada beste hizkuntza batean instalatuta dugula eta egin gura dugun gauza bakarra interfazea euskaratzea dela. Zelan egin? Ezagun bat niregana arazo horrekin etorri ostean, hona hemen eman beharreko pausuak, beste norbaitentzat erabilgarriak izan daitezkeelakoan:

  1. Euskarazko hizkuntza-paketea jaitsi (ez aplikazio osoa)
  2. Behin jaitsita daukagula, helbide-barran (webguneen helbideak idatzi/agertzen diren leku horretan) about:config idatzi eta enter sakatu
  3. Kontuz ibiliko garela ziurtatu (Lasai, jarraibide hauek jarraituta ez dago arazorik)
  4. general.useragent.locale lerroa bilatu (goian dago iragazkia) eta honen azken balioaren gainean klik bikoitza egin, daukana (es-ES, en-US…) kendu, bere ordez eu jarri eta onartu.
  5. Mozilla Firefox berrabiarazi eta jada euskaraz izango dugu, beste ezer aldatu gabe eta inolako desinstalazio/instalazio beharrik gabe.

Akabo Facebook

mikel; 2010, Otsailak 19 | 2 iruzkin »

Kitto Facebook niretzat, fini. Ez da engantxatu nauen sare-sozial bat, inoiz ezagun izandako gutxi batzurekin (hurrekoak direnekin baditut beste komunikazio bide batzuk) kontaktu gero eta urriagoa mantentzeko baino ez dut erabili. Gehi gero taldeak, kausak, jendeak bere argazkietan ni etiketatzeko aukera izatea… Informazio pila bat niri buruz, nire esku ez zegoena eta inolako erabilgarritasunik ez diodana ikusi, bai ordea arrisku handia,  Jon Rosalesen atxiloketaren harira, komunikabide batzuk bere argazki morbodun eta pertsonala lau haizetara zabaldu izanak argi erakusten duen modura.

Pribatutasunaren alorrean, interesgarria da baita ingelesezko wikipediak zer dioen ikustea, beste bitxikeria batzuetaz jabetzeko (hala ei dator idatzita izena ematerakoan inork irakurtzen ez duen testu luze horretan):

“We may share your information with third parties, including responsible companies with which we have a relationship.”

Uste dut badela nahiko adierazgarria.

Emandako pausuak: nire interesekoak ziren argazkiak gorde eta etiketaturik agertzen nintzen argazki guztietatik etiketa kendu, talde eta kausetatik irten eta kontua ezabatzeko esan. Behin kontua ezabaturik izanda, @julen-ek iradokitako pausua eman dut, nire e-posta helbidea euren datu-basetik ezabatzeko.

Paranoikoa? Agian. Baina ez dut gura jada erabiltzen ez dudan sare sozial batek niri buruzko daturik gordetzea. Facebook ez da niretzat. Jarraituko dut beste sare sozial batzuetan…

Itxi
Bidali postaz